San Pauloren Gutunak

My Photo
Name:
Location: MUNGIA, Bizkaia, Spain

Wednesday, March 08, 2006

FILEMONi egina

Agurra

1 Nik, Paulok, Kristo Jesusengatik kartzelan nagoen honek, eta Timoteo* anaiak zuri idazten dizugu, Filemon gure lankide maite horri; 2 bai eta Apia gure arrebari, Arkipo gure gudu-lagunari eta zure etxean biltzen den eliz elkarteari* ere. 3 Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.

Filemonen maitasuna eta sinesmena

4 Neure otoitzetan gogoan zaitut beti, eta eskerrak ematen dizkiot Jainkoari, 5 Jesus Jaunari eta fededun* guztiei dizkiezun maitasun eta leialtasunaren berri izan baitut. 6 Sinesmen berean elkarturik gaude; zure sinesmen hori eraginkor bihur dadila, bada, jakinik zenbat on egin dezakegun Kristorengatik. 7 Poz eta adorez bete nau zure maitasunak, ene anaia, barru-barruraino bizkortu baititu fededunak.

Paulo, Onesimo esklaboaren alde mesede eske

8 Horregatik, egin behar duzuna agintzeko Kristorengandiko askatasun osoa dudan arren, 9 nahiago dut maitasunaren izenean eskatu; nik, Paulok, jadanik zahartua eta orain, gainera, Kristo Jesusengatik kartzelan nagoen honek, 10 mesede bat eskatu nahi dizut kartzelan sortu dudan nire seme* Onesimorentzat. 11 Hau, lehen, ez zenuen on ezertarako; orain, ordea, on bihurtu da*, bai zuretzat eta bai niretzat. 12 Berriro bidaltzen dizut bera, ene bihotz-bihotzeko dudan hau*.

13 Neurekin eduki nahi nuen, zure ordez zerbitzari izan nezan, berriona hots egiteagatik kartzelan nagoelarik. 14 Hala ere, ez dut zure baimenik gabe ezer egin nahi izan, mesede hori gogoz egin dezazun eta ez behartuta.

15 Agian, horretarako alde egin zizun apur batez, gero betiko har zenezan, 16 eta ez esklabo bezala, esklabo baino zerbait gehiago, anaia maite bezala baizik. Maite-maitea da niretzat, eta zenbatez maiteago ez ote da izango zuretzat, bai gizon eta bai fededun den aldetik*!

17 Beraz, fedean adiskide banauzu, hartzazu Onesimo nerau bezala. 18 Eta zerbait gaizki egina badizu edota zerbait zor, utzi hori nire gain. 19 Neure eskuz sinatzen dizut ordain-agiria: Paulok; eta ez dizut aipatu nahi zuk zeure burua bera zor* didazula.

20 Bai, ene anaia, kristau zarenez, egidazu mesede hori; arindu nire bihotza Kristoren maitasunagatik. 21 Esaneko zaitudalakoan idazten dizut, eta esaten dizudana baino gehiago egingo duzula jakinik. 22 Presta iezadazu ostatua ere, zuen otoitzei esker zuengana bihurtuko naizen itxaropena baitut.

Azken agurra

23 Epafrasek*, Kristo Jesusengatik nire kartzela-lagunak, agurtzen zaitu; 24 bai eta lankide ditudan Markos, Aristarko, Demas eta Lukasek* ere. 25 Jesu Kristo Jaunaren grazia zuekin.

TITORI

Agurra

1,1-2 Ni, Paulo, Jainkoaren zerbitzari eta Jesu Kristoren apostolu naiz, Jainkoak hautatuak sinesmenera ekartzeko eta betiko biziaren itxaropenean oinarritzen den egiazko erlijioaren egia ezagutarazteko. Gezurrik ez dioen Jainkoak mundua izaten hasi baino lehen agindua zuen betiko bizi hori, 3 eta, berak ezarritako garaia iristean, bere mezua agerrarazi du Jainko gure Salbatzailearen aginduz gomendatu zaidan predikuaren bitartez. 4 Zuri idazten dizut, Tito*, fede berean egiazko seme zaitudan horri. Jainko Aitak eta Jesu Kristo gure Salbatzaileak eman biezazkizute grazia eta bakea.

Eliz elkarteko arduradunak

5 Arrazoi honengatik utzi zaitut Kretan, konpondu gabe gelditu dena konpon dezazun; batez ere, hiri bakoitzean elkarte-arduradunak* ezar ditzazun, eman dizkizudan argibideen arabera. 6 Arduradunak akasgabea izan behar du, behin bakarrik ezkondua*; haren seme-alabek sinestedunak izan behar dute, jokaera gaiztoz nahiz errebeldiaz salatu gabeak.

7 Izan ere, zuzendariak*, Jainkoaren etxezain denez gero, akasgabea izan behar du: ez harro, ez haserrekor, ez ardozale, ez sesiozale, ez okerreko irabazien gose; 8 ostera, ostatu-emailea behar du izan, ongia maite duena, zentzuduna, zuzena, jainkozalea, bere buruaren jabea; 9 irakatsi zaion egiazko mezuari atxikia, irakaspen zuzenez besteak aholkatzeko eta kontra daudenen irakatsiak gezurtatzeko gai izan dadin.

Sasimaisuak

10 Izan ere, jende errebelde, berritsu eta liluratzaile asko dago, judu-jatorrikoen artean batez ere. 11 Horrelakoei itxi egin behar zaie ahoa, okerreko irabazien goseak eraginda, familia osoak nahasten baitituzte, behar ez dena irakatsiz. 12 Herrialde horretako igarle batek, hain zuzen, hauxe esan zuen:

Kretarrak beti gezurti,

piztia txar eta tripazain alfer*.

13 Eta ez zuen gaizki esan. Horregatik, zentzarazi zorrotz sinesmenean osasuntsu iraun dezaten, 14 juduen ipuinei eta egia utzi duten gizon-emakumeen aginduei jarrai ez diezaieten.

15 Garbientzat dena da garbi; kutsatu eta sinesgabeentzat, berriz, ezer ez da garbi, beren adimena eta kontzientzia baitauzkate kutsaturik. 16 Hitzez aitortzen dute, bai, Jainkoa ezagutzen dutela; baina egitez ukatu egiten dute; higuingarri eta errebelde dira, egintza on baterako ere gauza ez.

Zahar, gazte eta esklaboen betebeharrak

2,1 Zuk, ordea, irakatsi doktrina osasungarria*.

2 Gizaseme zaharrak izan daitezela neurritsuak, agurgarriak, zentzudunak eta fedean, maitasunean eta eramanpenean helduak.

3 Emakume zaharrek ere fededunari dagokion portaera izan dezatela; ez daitezela gaizki-esaleak eta ardoari emanak izan, ongian maistra baizik, 4 neska gazteei beren senarrak eta haurrak maitatzen irakats diezaieten, 5 eta zentzudun, garbi, etxekoandre on eta beren senarren menpeko izaten lagun diezaieten. Horrela, ezin izango du inork Jainkoaren hitza iraindu.

6 Mutil gazteak ere aholkatu zentzudun izan daitezen, 7 gauza guztietan zeu egintza onen eredu agertuz: irakaspen garbiko eta gizabidetsu; 8 hitz egin jator eta inork ez kritikatzeko eran, kontra daudenak lotsatan geldi daitezen, gutaz gaizki mintzatzeko egokierarik gabe.

9 Esklaboak nagusien menpeko izan daitezela gauza guztietan: bete dezatela beraien gogoa, ezezkorik esan gabe 10 eta lapurretarik egin gabe, baizik eta leialtasun betea agertuz, Jainko gure Salbatzailearen irakaspena gauza guztietan ohora dezaten.

Jainko Salbatzailearen onginahia

11 Izan ere, agertu da Jainkoaren onginahia, gizon-emakume guztientzat salbagarri. 12 Honek irakasten digu Jainko gabeko bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten, eta neurriz, justiziaz eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen, 13 gure itxaropen zoriontsua bete zain gaudelarik: Jesu Kristo Jainko handia eta gure Salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko* zain. 14 Honek bere burua eman zuen guregatik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, beraren herri izan gaitezen, beti ongi egiteko gogotsu.

15 Hau predikatu behar duzu, adore emanez eta aginpide osoz zentzaraziz. Ez zaitzala inork gutxiets.

Sinestedun guztien betebeharrak

3,1 Oroitarazi denei gobernari eta agintarien menpeko izan behar dutela, hauen esanak egin eta egintza on guztirako prest egon. 2 Ez dezatela inor iraindu eta ez daitezela sesiozale izan, bihozbera baizik, gizaki guztientzat otzantasunez beteak.

3 Gu ere, noizbait, burugabe, errebelde, bide-galdu, edozein grina eta atseginkeriaren menpeko izanak gara, gaiztakerian eta bekaizkerian bizi izanak, gorrotagarri eta elkarren gorrotatzaile. 4 Baina orain Jainko gure Salbatzailearen bihotz ona eta gizon-emakumeenganako maitasuna agertu dira 5 eta salbatu egin gaitu, ez gure jokabide zuzenagatik, bere errukiari esker baizik, jaioberritzen gaituen garbikuntzaz* eta Espiritu Santuak guregan eragiten duen berrikuntzaz; 6 Espiritu hori oparo isuri zigun Jainkoak Jesu Kristo gure Salbatzailearen bitartez; 7 horrela, Jainkoak bere onginahiaz onartu gaituelarik, itxaro dugun betiko biziaren oinordeko bilakatu gara.

Titori burubideak

8 Doktrina hau sinesgarria da, eta gauza hauetaz zuk finko irakastea nahi dut, Jainkoarengan sinetsi dutenak egintza onetan lehenengo izaten lehia daitezen. Gauza hauek gizakientzat on eta mesedegarri dira.

9 Eztabaida zoroak, ordea, jatorri-zerrendak*, sesioak eta legeari buruzko auziak utzi alde batera, hutsalak baitira eta ezertarako on ez. 10 Alderdikeriak sustatzen dituena*, behin eta birritan zentzarazi ondoren, bota ezazu elkartetik, 11 halakoa oker dabilela, bekatari dela eta bere burua gaitzesten duela jakinik.

12 Artemas nahiz Tikiko zuregana bidaliko dudanean, zatozkit lehenbailehen Nikopolisera*, negua bertan igarotzeko asmoa baitut. 13 Zenas legegizonari eta Apolori* eskura iezaiezu arretaz biderako behar dutena, ezer falta ez dakien. 14 Guretarrek ere ikas dezatela egintza onetan lehenengoak izaten, premiazko beharrei aurre eginez, gizaki onuragabe izan ez daitezen.

Azken agurra

15 Nirekin dauden guztiek agurtzen zaituzte. Agurtu sinesmenean adiskide ditugun guztiak.

Grazia zuek guztiokin*.

02_TIMOTEORI

Agurra

1,1 Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik, Kristo Jesusen bidez agindu zaigun bizia iragartzeko Jesu Kristoren apostolu naizen honek, 2 zuri idazten dizut, ene seme maite Timoteo*. Jainko Aitak eta Kristo Jesus gure Jaunak eman biezazkizute grazia, errukia eta bakea.

Jainkoari eskerrak

3 Eskerrak ematen dizkiot, arbasoen irakatsiei jarraituz bihotz garbiz zerbitzatzen dudan Jainkoari, eta gogoan zaitut etengabe, gau eta egun, neure otoitzetan. 4 Zure malkoez* oroitzean, zu ikusteko irrikaz nago, pozez bete nadin. 5 Izan ere, gogoan dut zuk duzun zinezko fedea, lehenik Loide zure amonak eta Eunize zure amak izan zuten fede bera; ziur nago zuk ere baduzula.

Ebanjelioarekiko leial

6 Horregatik gogorarazten dizut indarberri dezazula nik eskuak ezartzean Jainkoak eman zizun dohaina*, 7 Jainkoak ez baitigu beldurti egiten gaituen espiritua eman, indarra eta maitasuna ematen eta geure buruaren jabe egiten gaituen espiritua baizik. 8 Ez izan, bada, gure Jauna aitortzeko lotsarik; ez lotsatu nitaz ere, harengatik kartzelan* dagoen honetaz; bestela baizik, Jainkoaren indarraz fidaturik, sufri ezazu nirekin batera berrionaren alde. 9 Jainkoak salbatu gintuen eta bere herri santu izatera dei egin zigun*, ez gure egintzengatik, berak hala erabakia zuelako baizik, eta mende guztiak baino lehen Kristo Jesusengan onginahiz maite izan gaituelako. 10 Onginahi hau orain agertu da, Kristo Jesus gure Salbatzailea munduan agertzean*; honek heriotza ezereztu du eta biziaren eta hilezkortasunaren argia zabaldu, berrionaren bidez. 11 Berrion horren oihulari, apostolu eta irakasle egin nau Jainkoak. 12 Hori da nire sufrimenduen arrazoia; baina ez naiz lotsatzen, badakit-eta nortaz fidatu naizen, eta ziur nago baduela hark indarrik nire esku utzi duen fede-gordailua* azken egunera arte zaintzeko.

13 Har itzazu jarraibidetzat, Kristo Jesusengan oinarritzen diren sinesmen eta maitasunari buruz niregandik entzun dituzun hitz osasungarriak. 14 Zaindu gordailu eder hau, guregan bizi den Espiritu Santuaren indarraz.

15 Badakizu, Asiako probintziako* guztiek utzi egin nindutela, hauen artean Figelok eta Hermogenesek. 16 Errukiz har ditzala Jaunak Onesiforo eta beronen etxekoak, askotan indaberritu bainau honek eta ez da nire kateez lotsatu; 17 bestela baizik, Erroman izan zenean, nire bila ibili zen arretaz, aurkitu ninduen arte. 18 Eman biezaio Jaunak auzi-egunean bere errukia iristea. Eta inork baino hobeto dakizu zenbateko laguntza eman zidan Efeson ere.

Jesu Kristoren soldadu ona

2,1 Zu, beraz, ene seme, sendo zaitez Kristo Jesusengandik hartutako dohainaz. 2 Testigu askoren aurrean niri entzun zenidana, aholkatu zeuk, besteei ere irakasteko gai izango diren gizon fidagarriei.

3 Hartzazu parte nirekin sufrimenduetan, Kristo Jesusen soldadu onari dagokionez. 4 Soldadutzan dagoena ez da bizitza zibileko gorabeheratan nahasten, soldadutzara deitu duenari atsegin eman nahi badio. 5 Atletari ere ez diote saririk ematen, jokoaren legeen arabera lehiatzen ez bada. 6 Lanean ahalegindu den nekazariak behar du izan lehena uzta-biltzean. 7 Hartu gogoan esaten dizudana: Jaunak ulertaraziko dizu guztia.

8 Gogoan izan Jesu Kristo, Daviden jatorritik sortua, hilen artetik piztua. Hau da nik irakasten dudan berriona, 9 eta honengatik nago neketan, gaizkile bezala katez lotua; baina Jainkoaren hitza ez dago katez lotua. 10 Horregatik, dena jasaten dut Jainkoak aukeratu dituenen onerako, horiek ere guk Kristo Jesusengan dugun salbamena eta betiko aintza irits ditzaten. 11 Sinesgarria da doktrina hau:

Harekin hiltzen bagara,

harekin biziko gara;

12 harekin sufritzen badugu,

harekin izango gara errege;

ukatzen badugu,

hark ere ukatu egingo gaitu;

13 gu leialak ez bagara ere,

hark leial dirau,

ez baitezake bere burua uka*.

Langile frogatua

14 Gogora iezaiezu hau eta eskatu, arren, Jainkoaren izenean, ez daitezela hitzei buruzko eztabaidatan nahas, hori ez baita on ezertarako, entzuten dituztenen hondamendirako baino. 15 Saia zaitez Jainkoaren aurrean onesgarri agertzen, zertan lotsaturik ez duen langilea bezala, egiaren mezua zuzen irakasten duena bezala. 16 Utz itzazu berriketa hutsalak, horietara emanak gero eta gehiago aldentzen baitira benetako erlijiotik. 17 Horrelakoen irakatsia minbizia bezala hedatzen da; horietakoak dira Himeneo eta Fileto. 18 Egiatik okertu egin dira, piztuera jadanik gertatu dela* baitiote, horrela batzuen sinesmena galbidean jarriz. 19 Hala ere, Jainkoak ezarritako oinarri sendoak tinko dirau eta idazkun hau* darama: Ezagutzen ditu Jaunak bereak dituenak, eta, «Ihes egin beza gaiztakeriatik Jainkoaren izenari dei egiten dionak».

20 Etxe handi batean ez dira izaten urrezko eta zilarrezko ontziak bakarrik, bai eta zurezkoak eta buztinezkoak ere; batzuk baliotsuak dira, beste batzuk, berriz, arruntak. 21 Beraz, bere burua esandako gauzetatik garbi gordetzen duena ontzi baliotsua izango da, Jainkoarentzat sagaratua, Jaunarentzat baliagarria eta edozein eginkizun onetarako aproposa.

22 Egin ihes gaztaroko grinetatik, eta saia zaitez justizian, sinesmenean, maitasunean eta bakean, Jaunari bihotz garbiz dei egiten diotenekin batera. 23 Alde egizu eztabaida zoro eta zentzugabeetatik, badakizu-eta horiek sesioak sortzen dituztela. 24 Jaunaren zerbitzariak, ordea, ez du sesiotan ibili behar, baizik eta bihozbera izan guztientzat, irakasteko trebe, jasankor, 25 aurka jartzen direnak gozotasunez zentzatzen dakiena. Nork daki Jainkoak ez ote dien bihozberritzea emango, egia ezagut dezaten, 26 eta ez ote duten ihes egingo bere nahira makurtuak dituen deabruaren sareetatik?

Azken egunetako jendea nolakoa

3,1 Jakin behar duzu, azken egunetan une latzak izango direla. 2 Izan ere, gizakiak berekoi, diruzale, harro eta handiputz izango dira; biraolari, gurasoentzat errebelde, esker txarreko eta erlijioaren aurkako; 3 bihotz-gogor, anker, gaizki-esale, lizun, basati eta onaren etsai; 4 traidore, ausartegi eta itsu, Jainkoaren baino atseginen maitaleago. 5 Itxuraz erlijiozale agertuko dira, baina ukatu egingo dute erlijioaren benetako indarra. Alde egizu horrelakoengandik!

6-7 Horien artean badira batzuk, etxeetan sarturik, bekatuz beteak eta era askotako grina txarren menpe dauden emakume kaxkarinak liluratzen dituztenak; emakume horiek jakin-minez daude beti, baina ez dira inoiz egiaren ezagutzara iristeko gauza. 8 Janes eta Jambres* aztiak Moisesen aurka jarri ziren bezalaxe, liluratzaile hauek ere, buru usteleko jendea eta sinesmenean porrot egina baita, egiaren aurka jartzen dira. 9 Baina ez dira urrutira helduko, argi ikusiko baitute denek horien zentzugabekeria, antzinako aztiekin gertatu zen bezala.

Tinko iraun

10 Zuk, ordea, hurbiletik jarraitu diezu nire irakaspen eta bizierari; zeure egin dituzu nire asmo, sinesmen eta pazientzia, nire maitasun eta eramanpena, 11 Antiokian, Ikonion eta Listran jasan behar izan nituen bezalako erasoaldi eta sufrimenduak. Nolako erasoaldiak jasan ditudan, eta guztietatik atera nau Jaunak! 12 Era berean, Kristo Jesusen jarraitzaile zintzo bezala bizi nahi duten guztiek ere izango dituzte, bai, erasoaldiak. 13 Gizaki gaizto eta gezurtiak, berriz, gero eta okerrago ibiliko dira, besteak eta beren buruak engainatuz.

14 Zuk, ordea, iraun ezazu tinko ikasi eta egiatzat onartu duzun guztian; hartu gogoan norengandik ikasia duzun* 15 eta Liburu Santuak umetandik ezagunak dituzula. Liburu Santuek emango dizute Kristo Jesusenganako sinesmenaren bidez salbamenera daraman jakinduria. 16 Liburu Santuetan idatzirik dagoen guztia Jainkoak inspiratua da, eta irakasteko, arrazoiak emateko, okerrak zuzentzeko eta biziera zuzenean hezteko baliagarria*; 17 horrela, Jainkoaren gizona guztiz hornitua gertatzen da, edozein eginbehar onetarako prest.

Berriona zabaltzeari ekin

4,1 Jainkoaren aurrean eta, errege bezala agertuz, biziak eta hilak epaitzera etorriko den Kristo Jesusen aurrean erregutzen dizut: 2 hots egin Jaunaren hitza, ekin garaia denean eta ez denean, eman arrazoiak, zentzarazi eta eman adore, zeure pazientzia guztia eta irakasteko gaitasuna erabiliz. 3 Etorriko baita gizon-emakumeek irakaspen osasungarria jasango ez duten garaia: beren grinen eraginpean, maisuz inguratuko dira, berauei entzuteko irrikaz; 4 egiatik saihestuko dituzte belarriak eta ipuinetara bihurtuko. 5 Zu, ordea, izan neurritsu gauza guztietan, eraman sufrimenduak, ekin berriona zabaltzeari, bete ongi zeure zerbitzua.

Paulo hiltzeko zorian

6 Ni neu, neure bizia opari eskaintzeko zorian nago; gainean dut mundu honetatik abiatzeko ordua*. 7 Borroka ona egin dut, bukatu dut lasterketa, gorde dut sinesmena. 8 Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emango didana; eta ez niri bakarrik, bai eta haren aintzazko etorrera maitasunez itxaro duten guztiei ere.

Timoteorentzako aginduak

9 Zatozkit lehenbailehen, 10 Demasek utzi egin bainau: nahiago izan ditu mundu honetako gauzak, eta Tesalonikara joan da; Kreszente, berriz, Galaziara joan da eta Tito Dalmaziara*. 11 Lukas bakarrik dago nirekin. Har ezazu Markos* eta ekarri zeurekin, lanerako oso ona baitut. 12 Tikiko* Efesora bidali dut. 13 Hona etortzean, ekar ezazu Troaden, Karporen etxean, utzi nuen soingainekoa, bai eta liburuak ere, batez ere pergaminoak.

14 Alexandro errementariak kalte handia egin dit; Jaunak ordainduko dio bere jokabidearen arabera. 15 Kontu izan zuk ere horrekin, gogor jarri baitzen gure irakatsien kontra.

16 Nire auziko lehenengo defentsan ez zen inor atera nire alde; bakarrik utzi ninduten denek; Jainkoak ez diezaiela kontuan har. 17 Baina Jauna neurekin izan nuen eta indartu egin ninduen, nire bidez mezua oso-osorik iragarria izan zedin eta jentil guztiek entzun zezaten; berak atera ninduen lehoiaren ahotik. 18 Jaunak aterako nau gaitz guztietatik eta salbamena emango bere zeruko erreinuan. Berari aintza menderen mendetan. Amen.

Azken agurra

19 Agurtu Priska eta Akila*, bai eta Onesifororen etxekoak ere. 20 Erasto Korinton gelditu zen; Trofimo* gaixorik utzi nuen Mileton. 21 Saia zaitez negua baino lehen etortzen.

Eubulok, Pudentek, Linok, Klaudiak* eta senide guztiek agurtzen zaituzte. 22 Jauna zurekin. Jainkoaren grazia zuekin*.

01_TIMOTEORI

Agurra

1,1 Nik, Paulok, Jainko gure Salbatzailearen eta gure itxaropen den Jesu Kristoren aginduz beronen apostolu naizen honek, 2 zuri idazten dizut, Timoteo*, sinesmenean neure egiazko seme zaitudan horri. Jainko Aitak eta Jesu Kristo gure Jaunak eman biezazkizute grazia, errukia eta bakea.

Sasi-irakaspenen kontrako oharpena

3 Mazedonia aldera joan nintzenean, Efeson* gelditzeko eskatu nizun; jarraitu, otoi, bertan, eta zentzatu doktrina arrotzak irakasten ari direnak; 4 esaiezu ipuin eta amaigabeko jatorri-zerrendetan* arretarik ez jartzeko; izan ere, honelakoak egokiagoak dira eztabaidak sortzeko, sinesmenez onartzen den Jainkoaren salbamen-asmoan hezitzeko baino. 5 Zuk egin beharreko oharpenaren helburua hauxe da: bihotz garbitik, kontzientzia onetik eta itxurakeriarik gabeko sinesmenetik datorren maitasuna indartzea. 6 Batzuek bide horretatik okertu eta alferrikako berritsukerietara jo dute, 7 lege-maisu izan nahian, esaten eta aho betean irakasten dutena ulertzen ez badute ere.

Legea zertarako

8 Badakigu legea, berorren helburuari dagokionez erabiliz gero, ona dena; 9 kontuan hartu behar da legea ez dela ezarri zintzoentzat, beste hauentzat baizik: gaizto, errebelde, erlijiogabe eta bekatarientzat, sakrilego eta profanatzaileentzat, aitamen hiltzaile eta giza hiltzaileentzat, 10 lizun eta homosexualentzat, esklabo-salerosle, gezurti eta zinausleentzat, eta irakaspen osasungarriaren* kontra jartzen den edonorentzat; 11 irakaspen hori, Jainko zoriontsuak nire gain utzi duen berrion aintzatsuak ematen duena da.

Jainko errukitsuarekiko esker ona

12 Eskerrak ematen dizkiot Kristo Jesus gure Jaunari, nire gain bere apostolu-zerbitzua uzteko fidagarri aurkitu nauelako eta zerbitzu hori betetzeko indarrak eman dizkidalako, 13 niri, beraren kontra biraolari, pertsegitzaile eta laidotzaile izan nintzen honi; izan ere, nitaz errukitu egin zen Jainkoa, neure sinesgabean ez bainekien zer egiten ari nintzen. 14 Horrela, gainezka isuri zidan gure Jaunak bere onginahia, Kristo Jesusekin bat eginik ditugun sinesmena eta maitasuna emanez.

15 Sinesgarria eta guztiok onartzekoa da doktrina hau*: Kristo Jesus bekatariak salbatzera etorri zela mundura. Eta inor ez ni baino bekatariagorik; 16 baina horrexegatik, hain zuzen, errukitu zitzaidan Jainkoa, Jesu Kristok bere pazientzia aurrenik niregan erakuts zezan eta betiko bizia izateko harengan sinetsiko zutenentzat eredu izan nendin.

17 Gizaldien Erregeari, beraz, Jainko hilezkor, ikusezin eta

bakarrari, ohore eta aintza menderen mendetan. Amen.

Timoteoren eginkizuna

18 Timoteo, ene seme, argibide hauek uzten dizkizut, elkarteko profetek zutaz esan zutena* gogoratuz. Hartan oinarriturik, hartzazu parte borroka eder honetan, 19 sinesmenari eta kontzientzia garbiari eutsiz; hau bazterrera uzteagatik, sinesmenean ere huts egin du zenbaitek, 20 hala nola Himeneok eta Alexandrok. Hauek Satanasen esku utzi ditut*, biraorik ez egiten ikas dezaten.

Gizaki guztien aldeko otoitza

2,1 Ezer baino lehen, gizaki guztien alde eskari, otoitz, erregu eta esker-emateak egiteko eskatzen dizut; 2 bai eta erregeen eta agintea duten guztien alde ere, bizitza bare eta baketsuan bizi gaitezen, jainkozaletasunez eta gizabidez. 3 Eder eta atsegin zaio hau Jainko gure Salbatzaileari, 4 honek gizaki guztiak salbatu eta egia ezagutzera hel daitezen nahi baitu. 5 Izan ere, bakarra da Jainkoa eta bakarra Jainkoaren eta gizon-emakumeen bitartekoa ere: gizon bat, Kristo Jesus, 6 bere burua guztien salbamenerako ordainsaritzat eman zuena. Bere garaian egindako testigantza dugu hau. 7 Honetarako egin nau ni Jainkoak oihulari eta apostolu —egia diot, ez diot gezurrik—, eta jentilen maisu, berauei sinesmena eta egia irakasteko.

Gizon-emakumeen jarrera kultuan

8 Beraz, gizonezkoek toki guztietan otoitz egin dezaten nahi dut, zerurantz esku garbiak jasoz, haserrerik eta eztabaidarik gabe. 9 Emakumeei dagokienez, dabiltzala egoki jantzita, lotsaz eta eratsu atondurik; ez daitezela apain orrazkera nabarmenez, urrez, harribitxiz edota soineko aberatsez, 10 egite onez baizik, jainkozale diren emakumeei dagokienez.

11 Emakumeak isilik eta menpekotasun osoz entzun behar du irakaspena. 12 Ez dut ontzat ematen emakumeak jendaurrean irakastea, ez eta gizasemeari agintzea ere: egon bedi isilik. 13 Zeren Jainkoak Adam egin baitzuen lehenengo, eta gero Eva. 14 Eta liluratua ez zen Adam izan; emakumea izan zen liluratua eta Jainkoaren agindua hautsi zuena. 15 Baina bere amatasunaren bidez salbatuko* da, sinesmenean, maitasunean eta santutasunean eratsu irauten badu.

Elkarte-arduradunak

3,1 Egia da elkarte-zuzendari* izan nahi duenak eginkizun ona nahi duela. 2 Baina zuzendariak akasgabea izan behar du, behin bakarrik ezkondua*, neurritsu, zentzudun, gizabidetsu, ostatu-emaile, irakasteko trebe; 3 ez ardozale, ez eta sesiozale ere, bihozbera baizik, baketsu eta ez diruzale. 4 Bere etxea ongi gobernatzen eta seme-alabak menpekotasunean eta errespetuan hezitzen jakin behar du; 5 izan ere, nola izango du Jainkoaren elkartearen ardurarik bere etxea gobernatzen ez dakienak? 6 Ez bedi kristauberri izan, harropuztu eta deabrua bezala gaitzetsia izan ez dadin. 7 Kristau ez direnen artean ere izen ona izan behar du, desohorean eta deabruaren sareetan eror ez dadin.

Diakonoak

8 Diakonoak* ere agurgarri eta hitzeko gizon izan daitezela, ez ardozale, ez eta irabazi zikinei emanak ere; 9 gorde bezate kontzientzia garbiz Jainkoak agertu eta guk sinetsiriko egia*. 10 Lehenik, izan bitez aztertuak eta, gero, akasgabe badira, bete bezate diakonotza-zerbitzua.

11 Emakumeek* ere agurgarri izan behar dute eta ez maiseatzaile; neurritsu eta gauza guztietan fidagarri.

12 Diakonoak izan bitez behin bakarrik ezkonduak*, beren seme-alabak eta etxea ongi gobernatzen dakitenak; 13 zeren zerbitzu hau ongi betetzen dutenek ohorezko maila berenganatzen baitute, eta Kristo Jesusengan dugun sinesmenak segurtasunez betetzen ditu.

Gure erlijioaren misterioa

14-15 Zu ikustera laster joango naizela espero dut; hala ere, badaiteke luzatzea eta horregatik idazten dizut, jakin dezazun nola jokatu Jainkoaren etxean, egiaren zutoin eta oinarri den Jainko biziaren elizan. 16 Ezbairik gabe, handia da gure erlijioaren misterioa:

Kristo*, gizaki bezala agertua,

Espirituak zintzotzat aitortua,

aingeruek ikusia,

herriei hots egina,

munduan sinetsia,

Jainkoak aintzan hartua.

Sinesmena ukatuko dutenak

4,1 Espirituak argi eta garbi dio azken garai hauetan batzuek sinesmena ukatu eginen dutela, espiritu liluratzaileei eta deabruen irakaspenei jarraituz; 2 horiek, beren barrua gogorturik duten* maisu gezurti itxurazaleez baliatzen dira: 3 hauek ezkontzea debekatzen dute eta zenbait janari ezin dela jan irakasten, nahiz eta janariok egia ezagutu duten sinestedunek, eskerrak emanez jateko Jainkoak sortuak izan. 4 Zeren Jainkoak sortutako guztia ona baita eta, eskerrak emanez hartuz gero, ez da ezer baztertzekorik, 5 Jainkoaren hitzak eta gure otoitzak sakratu bihurtzen baitu.

Jesu Kristoren zerbitzari zintzo

6 Senideei hau irakakatsiz, Kristo Jesusen zerbitzari* on izango zara, sinesmenaren hitzez eta jarraitu duzun irakaspen ederraz hazia zarela erakutsiz. 7 Bazter itzazu fedearen kontrako ipuin zentzugabeak, eta saia zaitez jainkozaletasunean. 8 Gorputz-ariketek ezer gutxirako balio dute; jainkozaletasunak, berriz, guztirako balio du, oraingo eta geroko biziaren agintzaria baitu berekin. 9 Hau sinesgarria eta erabat onartzekoa da. 10 Horregatik saiatzen gara lanean eta borrokan, gizon-emakume guztien eta batik bat sinestedunen Salbatzailea den Jainko biziarengan itxaropen dugulako.

11 Aholkatu eta irakatsi gauza hauek. 12 Ez zaitzala inork gutxiets gaztea zarelako; izan zaitez, ordea, sinestedunentzat eredu hitzetan, jokaeran, maitasunean, sinesmenean eta biziera garbian. 13 Ni joan bitartean, ardura zaitez Liburu Santuak irakurtzeaz*, irakasteaz eta adore emateaz. 14 Ez izan zabar zeure dohainari dagokionez: Jainkoak eman zizun, elkarteko profetek hala adierazirik, arduradunek eskuak ezarri* zizkizutenean. 15 Arduratu gauza hauetaz etsi gabe, guztiek zure aurrerapena argi ikus dezaten. 16 Egin kontu zeure buruari eta irakasten duzunari; eutsi tinko, hori eginez, bai zeure burua, bai entzuleak salbatuko baitituzu.

Elkartekideekin nola jokatu

5,1 Ez egin gogor zaharrei; eman adore aitari bezala. Mutilei, berriz, anaiei bezala. 2 Emakume zaharrei, amari bezala. Eta neskatxei, arrebei bezala, garbitasun osoz.

Alarguntsak

3 Har itzazu errespetuz eta zaindu norengana jorik ez duten* alarguntsak. 4 Baina alarguntsak semeak nahiz bilobak baditu, hauek ikasi behar dute lehenik beren etxekoenganako eginbeharrak betetzen eta gurasoei zor dietena itzultzen, hori baitu atsegin Jainkoak. 5 Alargun gelditu eta benetan bakarrik dagoenak Jainkoarengan jarria du itxaropena, eta etengabe ari zaio eskean, gau eta egun otoitzean. 6 Aitzitik, atseginetara emanik dagoena, bizi delarik ere, hilda dago. 7 Aholkatu behin eta berriz gauza hauek, akasgabeak izan daitezen. 8 Beretarrez eta etxekoez bereziki arduratzen ez den norbait baldin badago, honek bere sinesmenari uko egin dio eta sinesgabea baino okerragoa da.

9 Nornahik, alarguntsen sailean* sartzeko, hirurogei urtez gorakoa izan behar du, behin bakarrik ezkondua, 10 bere egintza onez ezaguna: seme-alabak hezitzea dela, edo ostatu ematea, fededunak apaltasunez zerbitzatzea* edo nahigabetuei laguntzea edota era guztietako egintza onak burutzea dela.

11 Ez onartu, ordea, alarguntsen sailean alarguntsa gazteagoak; zeren, haragizko grinak eraginda, Kristorengandik aldendu eta berriro ezkondu nahi izaten baitute. 12 Horrela, errudun bihurtzen dira, lehenengo beren konpromezua* hausteagatik. 13 Gainera, alferkerian ohitzen dira eta hor ibiltzen dira etxez etxe; eta, alfer ez ezik, berritsu ere bihurtzen dira, non zer jakingo eta behar ez denaz hitz egiten ibiltzen direlarik. 14 Horregatik, nahiago dut alarguntsa gazteak ezkontzea, seme-alabak sortu eta etxeaz arduratzea, etsaiari inolako hizpiderik eman ez diezaioten. 15 Zeren dagoeneko okertu baita horietako zenbait, Satanasi jarraituz.

16 Emakume sinestedun batek, berekin alarguntsarik baldin badu, zain dezala berak, eta ez diezaiola zama hori eliz elkarteari ezar, honek norengana jorik ez duten alarguntsei laguntzeko modua izan dezan.

Eliz elkarteko zaharrak

17 Elkartea ongi zuzentzen duten arduradunek* estimu bikoitza merezi dute, prediku- eta irakaste-lanetan ari direnek batik bat. 18 Liburu Santuak hau baitio: Ez diozu muturrekorik ipiniko gari-jotzen ari den idiari, eta: «Langileari bere soldata zor zaio*». 19 Ez onartu arduradun baten aurkako salaketarik, bi edo hiru lekukoren aitorpenaz ez bada.

20 Zentza itzazu guztien aurrean beren betebeharretan huts egiten dutenak, gainerakoek ere eskarmentua har dezaten. 21 Arren eskatzen dizut Jainkoaren, Kristo Jesusen eta aingeru hautatuen* aurrean, gorde ditzazula gauza hauek guztiak aurreiritzirik gabe, alderdikeriaz ezer ere ez egiteko.

22 Ez ezarri eskuak* inori arinegi, besteen bekatuen partaide egin ez zaitezen; gorde garbi zeure burua.

23 Ez dezazula ura hutsik edan, ardo pittin batekin nahasturik baizik, zeure urdailarengatik eta sarritan dituzun ondoezengatik.

24 Zenbaiten hutsegiteak auzitara baino lehen nabariak izaten dira; beste batzuenak, ordea, ondoren bakarrik azaltzen dira. 25 Gauza bera gertatzen da egintza onekin ere: batzuk nabariak dira, baina hala ez direnak ere ezin izango dira luzaroan ezkutuan gelditu.

Esklaboak eta nagusiak

6,1 Esklabotzaren uztarpean dauden guztiek har ditzatela beren nagusiak ohoragarritzat, Jainkoaren izenaz eta gure irakaspenaz inork gaizki hitz egin ez dezan. 2 Nagusi sinestedunak dituztenek ez ditzatela gutxiets, fedean senide dituztela eta; aitzitik, hobeki zerbitza ditzatela, zerbitzu hori hartzen dutenak ere sinestedunak eta Jainkoak maitatuak baitira.

Sasi-irakasleak

Hau da irakatsi eta aholkatu behar duzuna. 3 Besterik irakasten duena, eta Jesu Kristo gure Jaunaren hitz osasungarrira eta jainkozaletasunaren araberako irakaspenetara egokitzen ez dena, 4 harrokeriak itsututako ezjakina da, eztabaida eta hitz-liskarretarako joera gaixoa duena. Hortik sortzen dira bekaizkeriak, auziak, irainak, susmo txarrak, 5 etengabeko sesioak; horietan aritzen direnak burua galdutako jendea da, egiaren axolarik gabea; horiek erlijioa irabazpide bihurtzen dute.

Benetako aberastasuna

6 Bai, irabazi handia du erlijioak, baina bakoitza duenarekin konformatuz gero; 7 ez dugu ezer ekarri mundu honetara eta ezin izango dugu ezer atera ere. 8 Beraz, zer jan eta zer jantzi edukiz gero, aski dugu. 9 Aberats izan nahi dutenak tentaldiaren sarean erortzen dira, eta gizakia hondatzen eta galtzen duten grina zoro eta kaltegarri askotan. 10 Zeren diru-gosea baita gaitz guztien sustraia; diruaren irrikagatik sinesmenetik aldendu eta atsekabe asko bereganatu du zenbaitek.

Sinesmenaren aldeko borroka jatorra

11 Zuk, ordea, Jainkoaren gizon horrek, ihes egizu hauetatik guztietatik, eta saia zaitez justizian, jainkozaletasunean, sinesmenean, maitasunean, eramanpenean eta otzantasunean. 12 Ekin sinesmenaren borroka jatorrari eta eskuratu betiko bizia, hartarako deitu baitzaitu Jainkoak, eta fede-aitormen bikaina egin baituzu, testigu askoren aurrean. 13 Gauza guztiak biziarazten dituen Jainkoaren aurrean eta Pontzio Pilatoren aitzinean aitormen bikaina egin zuen Kristo Jesusen aurrean erregutzen dizut: 14 bete agindua akatsik gabe eta esankizunik sortu gabe, Jesu Kristo gure Jauna agertuko den* arte, 15 bere garaian agerraraziko baitu Jainkoak.

Berau da nagusi bakar eta zoriontsua,

erregeen Erregea eta jaunen Jauna;

16 bera bakarrik da hilezkorra,

eta iritsezineko argitan bizi da:

ez du inoiz gizakik ikusi,

eta ezin du ikusi ere.

Berari aintza eta agintea betiko. Amen*.

Aberatsei aholkuak

17 Aholkatu mundu honetako aberatsei, ez daitezela harroputz izan eta ez dezatela beren itxaropidea aberastasun galkorretan ipin, gauza guztiak geure gozamenerako oparo ematen dizkigun Jainko biziarengan baizik. 18 Egin dezatela ongia; izan daitezela egintza onetan aberats, eskuzabal jokatuz eta ondasunak besteen zerbitzura jarriz; 19 horrela, altxor baliotsua pilatuko dute etorkizunerako eta egiazko bizia eskuratuko.

Azken agurra

20 Ene Timoteo, zaindu Jainkoak zure esku utzi duen fede-gordailua. Utzi alde batera fedearen kontrako berriketa hutsalak eta sasizientziaren* argudioak, 21 sasizientziaren zenbait jarraitzaile aldendu egin baita fede-bidetik.

Jainkoaren grazia zuekin.